XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aldakuntza koalitatibo hauek nola gertatzen diren azaltzeko, kontzeptu berriak sartu zituen Piagetek ordurarteko teorian. Kontzeptu nagusia eragiketa logikoa izan zen eta ekintza fisiko baten gogo-barneratzea bezala ulertzen zuen. Eragiketa logikoen funtsezko ezaugarri bat itzulgarritasuna da. Bestalde, zeri zor zaio logika indartsu eta konplexuago horren agertzea? Gertakari honi: eragiketak biltzen dira osoko sistema edo egituratan; bestela esateko, eragiketak bere osotasunean, eta ez isolaturik, hartzen dituzten egiturak sortzen dira.

Osoko egitura hauetan datza arrazoiketaren kohesioa eta eraginkortasuna. Alderdi enpirikoari dagokionez, arrazoiketa matematiko eta zientifikoaren garapena ikertzen aritu zen Inhelderrekin batera eta lan horren berri emanez liburu-zerrenda luzea plazaratu zuten biek. Besteak beste, sailkapena, geometria, higidura, inferentzia zientifikoaren arauak, proposizio-logika, probabilitatea, espazioa, abiadura eta denbora nola ulertzen dituzten haurrek eta adoleszenteek jakinarazten zuten liburu horietan.

Piagetek bere teoria bikain hura, garapen kognitiboan mailei eta egiturei leku berezia aitortzen ziena, bukatua eta ezagutzera emana zuen 1950eko hamarkadaren hasierarako. Hamarkada horren azken aldetik hil arterainoko urteak hogei urtetik gora Piageten aldi psikologikoa izango omen lirateke; hori dio Brainerdek (1996). Adierazi nahi duena hauxe da: urte sail horretan, edozein psikologok bere zientzia erdiz erdi hartzen dutela usteko lukeen gaietara itzultzen dela. Ordura arte landutako gaiak ez ziren garai haietako psikologoen artean modan zeudenetakoak.

Behaviorismoa nagusi zenean kognizioaz arduratzea ez zen begi onez ikusten zen gauza. Eta kognizioaren arloan bertan aukeratutako ikergaiek ere, bestalde, zerikusi gutxi zuten eguneroko bizitzan gertatzen denarekin eta gutxiago oraindik Ameriketako adimen-testetan egiten ziren galderekin. Hona hemen ikergaien adibitze batzuk: kontserbazio-legeak, zoriaren eta probabilitatearen printzipioak, proiekzio-geometriako kontzeptuak. Piagetek 1950eko hamarkadaren hasieran sortu zuena teoria orokorra zen. Beraz, orduko psikologia ofizialak gogoko zituen gaietara ere zabal zitekeen teoriaren azalpen-indarra; ikaskuntza, oroimena edo pertzepzioa bezalakoetara, adibidez. Horixe da Piageten bizitzako azken bi hamarkadetan agertu ziren liburu askoren helburua.